2008 – Astiko Elkartea sortzea
Astiko Elkartea noiz sortu zen jakiteko, 2008ko maiatzaren 5era jo behar da; hain zuzen, data horretan sortu zen Astigarragako establezimenduek osatzen duten elkartea, herriko merkatari, ostalari eta zerbitzuen ekimenez.
Elkartearen eraketa eta helburuak
Sorreratik, ondorengoak izan dira elkarteren helburuak:
- Elkarte barruan dauden kideen interes ekonomikoak, profesionalak, sozialak eta kulturalak babestu, ordezkatu, kudeatu eta sustatu.
- Hobekuntza sozialak eta ekonomikoak lortzea elkarteko kideentzat, behar diren ekintzen bitartez.
- Elkarteko kideak trebatzeko ikastaroak etengabe antolatu.
- Bitartekari lana betetzea eta erakunde eta agintarien aurrean zerbitzuaren hobekuntza lortzea.
- Sustapen-ekintzak eta kanpainak antolatzea elkarteko kideentzat.
2014 – Egoeraren azterketa
2014an, ekintza plan bat lantzeko beharra antzeman zen, Astiko Elkartea suspertzeko.
2015-2019 Merkataritza biziberritzeko Plan Berezia (PERCO)
Merkataritza biziberritzeko Plan Berezia prestatu zen (MBPB edo PERCO delakoa), Astigarragako Udalak eskatuta. Lanak 2015-2019 aldirako ekintza plana jaso zuen, besteak beste, Astiko Elkartea suspertzeko beharra aipatu zuena.
Horri erantzunez, Udalak eta Elkarteak berak elkartea suspertzeko eskatu zuten.
Ordutik aurrera, kide kopuruari buruzko datuek Elkartearen ibilbidea adierazten dute. 2015ean, Astiko Elkarteko kide ziren 15 establezimendu zeuden herrian; 2021ean, 40 kide baino gehiago zituen elkarteak.
2021 – Irudi berria
Astiko Elkarteak Astigarraga bizi ari den hazkunde testuinguru berria baliatu zuen bere irudia berritzeko, eta, bide batez, bere web orrialde berria sortzeko: www.astiko.eus. Lan hori guztia Astigarragako Udalarekin elkarlanean egin da.
Keinu bat Astiko Elkartearen ibilbideari
Astiko Elkartearen irudi berria ez da zerotik hasi; aurrekoa oinarri hartuta diseinatu eta eguneratu da: «aurreko irudiari eta, beraz, Astikoren ibilbideari keinu egin nahi izan diogu», azaldu du elkartearen ordezkariak. Hain zuzen ere, elkarteko hiru arloak –merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak– hiru koloreren bidez adierazten dira. Irudia eraberritzeko, koloreak apur bat aldatu dira, asetuago daude; gainera, logotipoaren forma sinplifikatu egin da.
Webgunea, Astiko Elkarteko establezimenduen erakusleihoa
Irudi korporatiboa berrituta, Astiko Elkartearen lehenengo web orrialdea sortu da: www.astiko.eus. Elkartearen jardueraren berri emateaz gain, web orrialdea Astiko Elkarteko establezimenduen erakusleiho bihurtu nahi du. Establezimendu bakoitzak bere web orri propioa dauka, non astigartarrek establezimendu bakoitzari buruzko oinarrizko informazioa eskura dezaketen, hala nola ordutegia, kokapena, harremanetarako datuak eta abar.
Astiko Elkarteko kideak eta sektoreak
Gaur egun, Astiko Elkarteko kideen sektore nagusiak honako hauek dira:
Optika, Odontologia, Kontseilaritza, Elikagaigintza, Belar-dendak, Farmazia, Paper-dendak, Ostalaritza, Aholkularitza, Aseguruak, Ile-apaindegiak, Argazkigintza, Publizitatea eta Enologiako makinak.
Horrez gain, Astiko Elkartea urte osoan zehar herria animatzeko askotariko ekimen eta ekintzak antolatzeaz arduratzen da. Besteak beste, sentsibilizatzeko jarduerak, Gabonetako haur parkea, zozketak eta abar.
Etorkizunerako erronkak
Gaur egun, eusten zaio Elkartea sortu zenean izan zuen espirituari eta honako erronka hauek antzeman dira etorkizunerako:
- Sektorearen interes komunak defendatzen jarraitzea. Besteak beste, Udalaren aurrean bitartekari moduan aritzea.
- Astigarragako eskaintza zabaltzea, bereziki, merkataritzarena.
- Bertako kontsumoa sustatzea.
- Merkataritzaren digitalizazioan sakontzea.