Gaztetxoek zein helduek gozatzeko moduko Gabonak antolatu ditu Astiko elkarteak

  • Abenduaren 22tik urtarrilaren 8ra arte, saski erraldoia irabazteko aukera izango dute Astiko elkarteko establezimenduetan kontsumitzen dutenek
  • Gaztetxoenentzat jolas-parkea jarriko du Astikok abenduaren 28tik 30era bitarte

Astigartarren Gabonei ekarpena egin nahi die Astiko elkarteak aurten ere. Hain zuzen, bi jarduera antolatu ditu, gaztetxoen zein helduen gozamenerako eta herrian kontsumitzen dutenak saritzeko: Gabonetako zozketa eta haur eta gaztetxoen jolas-parkea egingo dira. Jarduera hauek egiteko, Astigarragako Udalaren zein Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza, Turismo eta Kontsumo sailaren dirulaguntza jaso du elkarteak.

 Saski erraldoia jokoan

Abenduaren 22tik urtarrilaren 8ra bitarte Astiko elkarteko establezimenduetan kontsumitzen dutenek saski erraldoia irabazteko aukera izango dute. Horretarako, ‘prezio justuaren’ sistema erabiliko da: bezeroek produktu-loteari prezioa jarri beharko diote establezimenduetan banatuko diren boletoetan, eta gehien hurbiltzen denak (preziotik pasa gabe) jasoko du saria.

Mota guztietako hainbat produktuk osatzen dute saskia: etxerako tresneria, bizikleta estatiko bat, elikadura-produktuak, produktu teknologikoak… Gainera, kanpainak iraun bitartean Mon Paperdendako (helbidea: Tranbia ibilbidea, 11) erakusleihoan jarriko da saskia ikusgai.

Urtarrilaren 8a izango da produktu-loteari prezioa jartzeko azken eguna, eta urtarrilaren 10ean jakinaraziko da irabazlearen izena. Saskiaren prezioa batek baino gehiagok asmatuko balu, haien artean zozketa egingo da.

 Jolas-parkea haur eta gaztetxoentzat

Horrekin batera, Astigarragako haur eta gaztetxoei zuzendutako jolas-parkea jarriko da aurten; abenduaren 28tik 30era bitarte, biak barne, izango da hori. Aurrekoetan bezalaxe, hiru gunetan jarriko dira atrakzioak: Kontxa Etxeberria plazan, Norberto Almandoz plazan eta Joseba Barandiaran plazan. Sarrera doan izango da Astiko elkarteko establezimenduei esker.

Aurreko albistea
Astigarragako establezimenduetan kontsumitzeko deskontu bonuen kanpaina abian da
Hurrengo albistea
Astiko Elkartea, historia apur bat