Astigarragan kontsumitzen dutenen artean sariak banatuko ditu Astikok Gabonetan

  • Herriko establezimenduek abenduaren 20tik aurrera banatuko dituzte zozketan parte hartzeko txarteltxoak
  • Horrez gain, urtero bezala, gaztetxoenentzat jolas-parkea jarriko du Astikok abenduaren 28tik 30era bitarte

Aurten ere astigartarren Gabonak alaitzeko aletxoa jarri nahi du Astiko Elkarteak.  Ohi bezala, bi jarduera antolatu ditu, gaztetxoen zein helduen gozamenerako eta herrian kontsumitzen dutenak saritzeko: Gabonetako zozketa eta haur eta gaztetxoen jolas-parkea. Jarduera hauek egiteko, Astigarragako Udalaren zein Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza, Turismo eta Kontsumo sailaren dirulaguntza jaso du elkarteak.

Zozketa bana establezimendu bakoitzean

Abenduaren 20tik aurrera jarriko da martxan Astiko Elkarteko Gabonetako zozketa. Oraingo honetan, parte hartzen ari den establezimendu bakoitzak hainbat sari zozketatuko ditu haien bezeroen artean: Gabonetako saskiak, establezimenduetako produktuak, erosketa-baleak… denetarik izango da!

Zozketan parte hartzeko, herriko dendek, tabernek eta zerbitzuek txarteltxoak banatuko dituzte kontsumizio baten truke, eta bezeroak momentuan bertan jakingo du sariduna den ala ez.

Jolas-parkea haur eta gaztetxoentzat

Horrekin batera, Astigarragako haur eta gaztetxoei zuzendutako jolas-parkea jarriko dute aurten ere; abenduaren 28, 29 eta 30ean jarriko dira 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Aurrekoetan bezalaxe, hiru gunetan jarriko dira atrakzioak: Kontxa Etxeberria plazan, Norberto Almandoz plazan eta Joseba Barandiaran plazan. Sarrera doan izango da Astiko elkarteko establezimenduei esker.

Aurreko albistea
Astiko Elkartea, historia apur bat