Astigarragan kontsumitzera bideratutako deskontu-bonuen kanpaina martxan urriaren 6an

- Goizeko 9:00etan jarriko dira salgai, eta azaroaren 2ra arte erosi ahal izango dira Astikoren web-orriaren bidez. Abenduaren 31ra arte erabili daitezke.
- Aurreko edizioetan bezalaxe, ohiko bonuak erosten dituzten lehen 300 erabiltzaileek 20 euroko opari-bonua jasoko dute beste establezimenduren batean erabiltzeko.
Astigarragako deskontu-bonuen bederatzigarren kanpainari ekingo dio Astiko Elkarteak urriaren 6an. Goizeko 9:00etatik aurrera erosi ahal izango dira Astigarragan kontsumitzera bideratutako deskontu-bonuak www.astiko.eus web-orriaren bidez. Azaroaren 2ra bitarte egongo dira salgai.
Aurreko edizioetan bezalaxe, ohiko bonuak erosten dituzten lehen 300 erabiltzaileek 20 euroko bonua jasoko dute opari. Opari-bonua beste kategoria bateko establezimendu batean erabili ahal izango da. Banaketa egiteko parte hartu duten establezimenduak bost kategoriatan banatu dira, eta sistema aleatorio baten bidez, beste kategoria bateko bonua jasoko du erosleak. Helburua da Astigarragako merkataritza eta ostalaritza ezagutzera ematea eta establezimenduetara bezero berriak bideratzea.
Bi bonu-motak 2026ko abenduaren 31ra arte erabili ahal izango dira.
Bonu gehiago, urriaren 20an
Ohi bezala, ordura arte saldu ez diren bonuak birbanatu egingo dira kanpainaren erdialdean. Hori horrela, baliteke aurretik agortuta zituzten establezimendu batzuek bonu gehiago izatea salgai. Birbanaketa hori urriaren 20an egingo da, eguerdiko 12:00etan.
Herriko 33 establezimendutan kontsumitzeko
Astigarragako bonuen bederatzigarren kanpaina honetan merkataritzako, ostalaritzako eta beste zerbitzuetako 33 establezimenduk parte hartuko dute.
Lau bonu-mota izango dira aukeran: 10, 20, 50 eta 100 eurokoak. Establezimendu bakoitzak erabaki du zein bonu-mota eskaintzen dituen.
Astiko elkartearen eta Udalaren elkarlanari esker, % 20ko deskontua izan dute bonuek; bonuaren balioaren % 80 ordainduko du herritarrak. Udalak Astikori emandako dirulaguntzaren zati bat deskontuetara bideratuko da, eta beste bat, aldiz, opari-bonuak finantziatzera.
