Astiko Elkarteak GauTOPA antolatu du, herriko establezimenduen eta sortzaileen gaueko azoka
- Ekainaren 30ean, ostiralean egingo da azoka gaueko 21:00etatik aurrera, Emakumeen Plazan
- Salmentarako produktuak eta zerbitzuak erakutsiko dituzte, eta jan-edana ere izango da, musikaz girotuta
Astiko Elkarteak antolatuta, herriko establezimenduek eta sortzaileek gaueko azoka egingo dute Astigarragan: I. GauTOPA. Ekainaren 30ean izango da, ostiralez, gaueko 21:00etatik aurrera, Emakumeen Plazan. Azoka antolatzeko, Astigarragako Udalaren zein Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza, Turismo eta Kontsumo sailaren dirulaguntza jaso du elkarteak.
Kalejira Kolpez Blai taldearekin, azoka hasteko
Emakumeen Plazaren inguruan egingo da azoka, eta denetarik izango da: salmenta, zerbitzuak (tatuajeak, makillajea, argazkiak, ilustrazioak…) eta jan-edanak izango dira. Denera, 11 postu jarriko dituzte; ondorengo establezimenduak eta sortzaileak izango dira bertan: 115 Sagar Ore Ama, Amalei Estetika Zentroa, Astigarraga Tattoo, Biokcom, Habian Interiorismo, Kolpez Blai, Lur jostuna, Mon Paperdenda, Pastain Irudi Zerbitzuak, Saioart eta Triton Moto arropa denda.
Hori guztia musikaz girotuta egingo du merkatarien eta ostalarien elkarteak, arratsaldeko 20:30ean hasita. Orduan hasiko da Kolpez Blai astigartarrez osatutako perkusio-taldearen kalejira: Kontxa Etxeberria Plazatik Emakumeen Plazarantz abiatuko dira, herritarrak azokara joan daitezen animatuz. Azoka bitartean, 21:30etik aurrera, DJ Javi Hidalgok girotuko du gaua.
Pizza lehiaketa, gaueko 22:00etan
Ekitaldiaren erdian pizza lehiaketa egingo du elkarteak, 115 Sagar Ore Amak egindako pizzekin: nor izango da pizza gehien jateko gai? Aurrez izena eman duten gazteek hartuko dute parte lehiaketan, eta gaueko 22:00etatik aurrera jakingo da irabazlea nor den.
Herriko gazteengana hurbiltzea, helburu
Astigarragako gazteengana hurbiltzeko asmoarekin, hausnarketa-prozesua hasi zuen Astiko Elkarteak 2022. urtearen bukaeran. Hausnarketa horren ondorioetako bat izan zen gazteek herriko establezimenduak ezagutu zitzaten ahalegina egin behar zela Astiko Elkartetik, eta horretara dator, hain zuzen, GauTOPA.