- Abenduaren 23tik urtarrilaren 4ra ‘harraskatu eta irabazi’ txartela eskuratuko dute bezeroek herriko 55 establezimendutan.
- Establezimendu bakoitzeko saski bana banatuko da zuzenean; irabazten ez dutenek, aldiz, gainontzekoen zozketan parte hartu ahal izango du, urtarrilaren 11n.
- Astiko elkartearen eta Udalaren elkarlanari esker antolatu da; Udalak 10.000 euroko diru-laguntza bideratu du horretarako.
Astiko merkatari, ostalari eta zerbitzuen elkarteak, Astigarragako Udalarekin elkarlanean, ‘Guztion Gabonak’ kanpaina abiatuko du etzi, abenduaren 23an. Kanpaina honen bidez, Astigarragako 55 establezimenduk ehun saski inguru banatuko dituzte herritarren artean. Kanpaina berri honekin, Astiko elkartearen helburua da herrian erosten dutenak saritzea.
Saskiak banatzeko, herriko denda, taberna eta zerbitzuetan kontsumitzen dutenei ‘harraskatu eta irabazi’ txartelak banatuko dizkiete. Txartel hauen bidez establezimendu bakoitzean saski bana banatuko da zuzenean. Abenduaren 23tik urtarrilaren 4ra bitarte, denera 20.000 txartela banatuko dira Astigarragako establezimenduetan kontsumitzen dutenen artean.
Azken zozketa, urtarrilaren 11n
Zuzenean saskia irabazten ez dutenek beste aukera bat izango dute, gainontzeko saskiak zozketa bidez banatuko baitira urtarrilaren 11n. Horretarako, txartelean bertan izen-abizenak jarri eta establezimenduan bertan jarriko den kaxan bota beharko da.
Zozketa Astiko elkarteak egingo du, eta herritarrak txartela jaso duen establezimenduan jasoko du saskia.
Astigarragako produktu eta zerbitzuekin osatutako saskiak
Astigartarrek oso ezagunak izango dituzten saskiak izango dira, Astigarragako dendetako eta zerbitzuetako produktu eta zerbitzuekin eta taberna eta jatetxeetako otordu eta kontsumizioekin osatuak baitira.
Horrez gain, sagardoa ere ez da faltako. Oraingoan ere, iazko Gabonetan abiatutako elkarlanarekin jarraituz, Astarbe eta Petritegi sagardotegiak izango ditu Astiko elkarteak bidelagun. Horri esker, saski bakoitzak, besteak beste, Astarbe sagardotegiaren Euskal Sagardoa botila bana eta Petritegi sagardotegiaren sagardo apardun bana izango du.
Bestalde, Sagardun Partzuergoak ere botila bana jarriko du saski bakoitzean.
Guztion Astigarraga egitasmoaren baitan
Guztion Gabonak kanpaina Beterri-Buruntzako udalen Guztion Astigarraga egitasmoaren baitan kokatzen da, herri merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak biziberritzeko sortua. Astiko elkartearen eta Udalaren artean finantziatu da; 10.000 euroko diru-laguntza jaso du elkarteak kanpaina abian jartzeko. Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza, Turismo eta Kontsumo sailak ere diruz lagundu du.