Zuhaitzak piztuko dituzte herriko establezimenduek, Gabonei hasiera emateko

 

  • Arratsaldeko 19:15etik aurrera zuhaitzen argiak pizteko ekitaldia egingo du Astiko Elkarteak Emakumeon Plazan, musikak eta pintxoek girotuta
  • Euskal Parrillak-en pintxoak dastatzeko, gaurtik aurrera txartelak banatuko dituzte herriko dendek, tabernek eta zerbitzuek

Gabonei hasiera emateko plana proposatu die Astiko Elkarteak astigartarrei. Gabon giroan murgiltzeko, Gabonetako zuhaitzen argiak pizteko festa egingo du herriko merkatarien, ostalarien eta zerbitzuen elkarteak Emakumeon Plazan. Arratsaldeko 19:15ean emango zaio hasiera festari: zuhaitzak piztu eta elkartekideen arteko brindisa egingo da.

Jarraian, Euskal Parrillako pintxoak dastatu ahal izango dira. Horretarako, gaurtik aurrera txartelak banatuko dituzte herriko dendek, tabernek eta zerbitzuek; ekitaldian zehar pintxo bat doan jateko aukera emango dute. Eta musikarik ez da faltako; Radio Rebelde taldeak girotuko baitu plaza.

Urrezko bonboiaren bila, ostiraletik

Horrez gain, ostiralean bertan urrezko bonboiaren zozketa abiatuko du Astiko Elkarteak. 8.000 bonboiren artean urrezko 3 daude herriko establezimenduen artean ezkutatuta, horietako bat jasotzen duenak 100 euroko balea eskuratuko du Astikoko establezimendu batean gastatzeko. Abenduaren 12tik, ostiraletik aurrera banatuko dira bonboiak, eta urrezkoak atera arte iraungo du.

Aurreko albistea
Goazen astigarragako neskak!