Astigarragako Astiko merkatari, ostalari eta zerbitzuen elkarteak Gabonetako GauTOPA ospakizuna antolatu du Abenduaren 22rako. Helburua herria Gabon giroan murgiltzea eta Astiko Elkartea ezagutzera ematea da, eta horretarako, hainbat ekintza antolatu dira abenduaren 22ko arratsalderako (arratsaldeko 18:00etatik iluntzeko 20:00etara). Astikoren GauTOPA Kontxa Etxeberria Plazan izango da (Erribera Kultur Etxearen kanpoko aldean) eta Astiko Elkarteak dei egiten herritar guztiei GauTOPAra bertaratu daitezen.
Astiko Elkarteak txokolate eta bizkotxo banaketa egingo du, eta arratsaldeak aurrera egin ahala txistorra ere banatuko da herritarren artean. Bertan Olentzero eta Mari Domingiren gutuna jasotzeko postontzi handi bat egongo da, eta gutuna bertan botatzen duten haurren artean euskarazko produktuen hiru opari-lote zozketatuko dira jaiaren amaieran.
Horrez gain, haurrentzat tatuaje eta Gabonetako postalen tailer bat ere antolatu dira, eta baita Gabonetako argazki estudio bat ere. Astiko Elkarteak herritarrak baserritarrez jantzita etortzera animatu nahi ditu, estudio horretan argazkiak ateratzeko. Guzti hori Astigarragako “3ttu erromeya” musika taldeak girotuko du.
Ekintza horrez gain, Astiko Elkarteak bere Instagram kontuan ere zozketa bat antolatuko du Gabonetan, eta zozketa horretako saridunak 100 eurotan baloratutako otar bat irabaziko du.
Azkenik, Astiko Elkarteak urte osoan zehar herriko denda eta tabernetan kontsumitu duten herritarrei eskerrak ematen dizkie eta Gabonetan ere Astigarragan kontsumitzera animatu nahi ditu.